jueves, 20 de octubre de 2011

Zorionak Euskadi!

Egia esan hoztasun handi xamarra somatzen nuen nere barruan horrenbeste urtez, hilabetez, egunez zain geunden ETAren komunikatua iritsiko zen egunaren aurrean. Sentsazio arraroa zen. Beste itxaropenezko poz bat izatea zegokidala nion neure buruari baina horrenbeste frakasoren aurrean, horrenbeste erretorikaren aurrean, horrenbeste bueltaren aurrean hotz sentitzen nintzen. Atalezka zetorren pake honek gainera sortzen zidan beste sentsazio bat ere. Ezker abertzaleak zuzendutako antzerki baten aurrean geundenaren ustea. Martin Garitano eta Rufi Etxeberria Aieten korbatekin ikusteak areagotu zidana. Etxekoei horrenbeste bider kritikatu eta kanpokoen aurrean konplexurik gabe erakusten zuten jarrera hark ez zidan onik egiten. Anekdota bat zen baina neretzat bauzen zeresana. Dena prestatua zegoenaren ustea alegia. Hau al zen behar genuen aterrizai pista galdetzen nuen barnean? Eta ez nuen gustoko sentsazioa, ez! pakea guzti horren gainetik dago Asier! nion neure buruari. Txalotu ezazu ekimena, txalotzekoa da eta! Baina banuen hortxe barruan erreparo puntu bat.
Gaur ordea Donostitik herrira kotxean nentorrela entzun dut berria: ETAk utzi du bortxakeria! Hiru segunduko bazen ordua! pentsamenduaren aurrean uste ez nuen bezala ireki zait bihotza eta barne-barneko poz sakon bat atera zait! Urteetan zain zegoen jario bat! Benetakoa.

Ondoren autopista uztearekin batera irudi desberdinak etorri zaizkit burura. Aurrena seme-alabak. Biolentzirik gabeko Euskadi batetan hasiko dira. Itxaropena, ilusioa, poza, irrifarra atera zait. Bigarren joan zaizkigunak. Pena. Baina aldi berean sentsazio lasai bat. Zuen lana ez da alferrikakoa izan. Ez horixe! Lortu dugu Euskadi pake bidean jartzea! Hirugarrena lan ixila egin duten hainbat eta hainbat herritar etorri zaizkit burura. Esker ona guztie! Bihotz-bihotzez. Tartean hizketan ari ziren irratian: Egun haundi da gaurkoa, utzi gozatzen! zioten. Arrazoia pentsatu dut, hori da utzi gozatzen! Bihartik aurrera jarraituko dugu etorkizuna eraikitzen.

Ta azkenik, aste hauetako garaipendun eta garaituen arteko dialektika horretan badagoela garaipendun haundi bat ondorioztatu dut. Euskadi, euskal gizartea! Euskadik irabazi dio borroka ezer zor ez dion ETAri.

Gadafi diktadorea hil duten egin berdinean kokatu nahi izan du historiak garaipena. Kontua da ETA garaitzean etorkizunari atea ireki diola euskal gizarteak.

Hurrengo pausoa bakoitzaren bihotzat zabalduz besteren lekuan jartzea izango da. Hortik etorriko da beradiskidetzea. Bihotza zabaltzetik. Denok egin behar dugun ariketa da hori. Denok ezbairik gabe.

Etxeratzen ari naiz. Eskubira begiratu eta hortxe dago argi izpitan Loiolan Inaxio Uriaren omenezko harria. Agur eta ohore Inaxio eta beste biktima guztiak.Gogoan zaituztegu!

Oroimenetik, elkarezagutzatik, eskuzabaltasunetik, bereziki eskuzabaltasunetik eraiki beharko dugu etorkizuna. Lan latza, ixila, luzea baina armarik gabea. Armarik gabea. Horixe izan da Euskadiren garaipena ETAren aurrean.

Zorionak Euskadi, zurea, gurea da etorkizuna!

0 comentarios:

Publicar un comentario