martes, 14 de septiembre de 2010

Nafarroa, gure Ama Lurra

Zirrikitu asko ditu gure historiak, baita gure hizkuntzak ere, euskarak. Berriki Erronkariko inguru-marietan ibiltzeko aukera izan dut. Hala irakurri nuen Isabako kartel batean: “Onki xin”. Ongi-etorri, alegia. Zenbaitentzat, dialektoak hizkuntza baten ahuldadearen isla dira. Nik aberastasunaren seinale direla deritzot. Erabilera biziaren ondorio. Guregana iritsi dira behintzat. Baina euskarak bere osotasunean irrist egiten digun bezalaxe, badirudi gure historiari muzin eginez bizi garela, iheska, Camille hartzaren antzera. Edota erraz ahazten dugula iragana, batik  bat, gizaldietan atzera egitea tokatzen zaigunean. Horrelako burutazioak buruan nituela ibili naiz Lakartxela, Txamantxoia edota Hiru Erregeen Mahaia mendiek tontorrera gonbidatzen ninduten bitartean. Mendi zalea banaiz, ibiltaria ez ordea. Lagun koadrila batekin egindako irteera zerura hurbiltzeko aprobetxatu ez badut ere, atzera begiratzeko balio izan dit, gure sustrai historikoetan barneratzeko pentsamenduz eta sentimenduz. Izan ere, euskaltasunaren sehaska da Nafarroa, menpekotasun ezaren grinaren jatorria Nafarroako erreinuan dugu. Eta gaur zenbaitzuk uste dute independentziaren aldarriaren asmatzaileak direla! Alajaina, tokitan gaude! Bere garaian atzera begiratu izan bagenu, “Nafarroa Euskadi da” esan ordez, “Euskadi Nafarroa da” esan beharko genukeen. XII. mendean aldendu zituen Gaztelako koroak egungo Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa Nafarroatik. Nahiz eta artean urte askoz Hondarribiak Nafarroako itsas irteera izaten jarraitu zuen, “La Navarra Marítima” Olaizola eta Urzainkiren liburuak ondo jasotzen duen moduan. Ordura arte, gipuzkoarrok, beraz, nafarrak ginen. Euskaldunak nafarrak ginen. Euskaraz hitz egiten zuten Nafarroako Erreinuko herritarrak alegia. Aitortza hori zor diogu Nafarroako erreinuari. Euskaldun guztiok egituraketa juridiko-politiko baten baitan bizi ginen garaiaren oroimen historikoa da Nafarroa. Gure Ama Lurra. Horrela, iraganak erakutsitako bide horretatik etorkizuna eraikitzeko gai izan behar gara, elkar ezagutuz, elkar errespetatuz, elkarrekin lan eginez. Oroimenetik, eguneroko lanetik etorkizun amankomuna landuz. Behetik gora. Hauxe da abertzale geranon bihotz zatikatua osatzen hasteko bidea. Poliki-poliki baina gelditu gabe. Gutxitik askora. Zazpi euskal herriak bat egin dezagun, guztiok beti-beti baikara euskaldun. Edo nafar. 

Leer más...