miércoles, 2 de marzo de 2011

Euskalduna izan ala ez izan

XXI. mendean euskaldun izatea norberak egiten duen hautua da. Eta bi: ez dugu asmatu euskaldun konsziente egiten gure gazteak. Euskara dakitenen kopuruak gorantz erruz egin badu ere, euskararekiko eta euskal kulturarekiko atxikimendua pobreegia da. Horiexek dira aurreko astean Euskal Identitatearen inguruko jardunaldietan ateratako bi ondorio garbiak.Hizkuntza askotatik edaten dugu, globalizazioak zurrunbilo askotan murgilarazten gaitu. Eta nahaspila horretan, norberaren esku dago identitatearen aldeko apustua. Borondatean datza gakoa. Herri honen etorkizunak bezala, euskal identitateak ere gizarte igurtzitik eratortzen den elkarlanaren beharra du, nahiera bat ezinbestekoa da. Euskarari eta euskal kulturari bizkarra eman gabe bizitzea aukera bat da, kontrakoa beste bat den bezala. Euskaltasunarekiko grina hori zuku bihurtu zen frankismoan jasotako eskarmentuaren ostean.

Hori bai, euskaldun hoberenaren labelak banatzeari utzi eta bat egin behar dugu euskarak behar dituelako euskaldun peto-peto sentitzen direnak, euskaraz bizi diren ez abertzaleak, euskal kultura maite duten erdaldunak, euskarara erakarri daitezkeen euskotarrak eta gainerakoak. Jon Sarasuak bere hitzaldian esan zuen moduan, “guk hizkuntza asko ditugu, baina euskarak gu bakarrik gauzka eta euskarak lur hau bakarrik dauka”.

Asko egin da. Eta asko dugu egiteko.

Leer más...