jueves, 10 de marzo de 2011

Abantaila fiskalak, kontziliazioaren alde egiten duten enpresentzat














Usteak erdia ustel, esan ohi da. Nahi izate hutsak ere erdia antzua du zerbait egin ezean. Ahoz ahodarabilkigu kontziliazio hitza. Familiaren eta lanaren arteko adiskidetzea, alegia. Baina kontziliazioa praktikan jartzeak baditu bere zailtasunak, oraindik gai horren inguruan iritzi kontrajarriak daudelako. Ez dago eskatzen duen adinako akordio zabalik enpresa, sindikatu eta gainerako eragile sozio-ekonomikoen artean. Baina ez dut sinesten gauzak kasualitatearen edo zortearen ondorio direnik. Lana egin behar da. Bideak jarri, kasu honetan, gizarte osoaren arazoaz ari baikara hitz egiten. Hori da Batzar Nagusietan kontziliazioaren inguruan EAJ-PNVren ekimenez egin dena. Urrats bat eman.
PPren babesarekin, ez arauzko proposamen bat aurkeztu genuen, sei hilabeteko epean, eta Gipuzkoa Aurreraren baitan, egunerokotasuna erraztuko diguten neurriak aztertu zitezen. Eta landutako Testua datorren astean bozkatuko da Batzar Nagusietan. Besteak beste, kontziliazioa ahalbidetzen duten enpresei abantaila fiskalak ematea aipatzen da txostenean. Enpresak har ditzakeen erabakien artean daude lana etxetik egiteko aukera eskaintzea edota gurasotasun baimena luzatzea legeak agintzen duenaz haratago.
Parte hartu dute, kasu honetan, sindikatuak, enpresen ordezkariak eta gaian aditu diren beste hainbatek. Ez da gutxi, gure egunerokotasunean ia erotzeraino eramaten gaituen gai baten inguruan eztabaida zabaltzea bakarrik, ez baita erraza gure ordutegiekin gure seme-alabek behar gaituztenean, haien ondoan egotea. Baina gaur seme-alabek behar nauten bezala, bihar edo etzi, aiton-amonek beharko naute. Kontziliazio eza ez da adin tarte bateko estualdia edo kontua. Haurrek gurasoen falta sufritzen dute, aita edo amaren eskuen igurtzi gehiago nahiko lituzketelako hainbatetan. Nerabe izatera iritsi aurretik jartzen zaie etxeko giltza sokan lepotik zintzilik. Etxera iritsi eta konpainia bakarra: telebista edo ordenagailua. Geroago, erlojuaren torturapean bizitzera kondenatzen gaitu kontziliazio faltak, eta bakardade krudelenera zahartzaroan. Beraz, zertan ari gara? Oraindik ez zaigu buruan sartzen lantokian egoteak, egote aldera, ez duela ekoizpena handitzen, ez ideia berritzaileak sortzen. Izan ere, egon badaude absentismo mentalaren inguruan doktorautza egingo luketenak.

Leer más...