Ez zuen gehiengoak bozkatu baina gure lehendakaria da Lopez jauna. Eta guztiona den lehendakari bati gutxien-gutxienez ordezkatzen dituen herritarrak errespetatzea eskatu behar zaio. Ez da horrela izan. Min egin didate euskararen aurkako bere azken adierazpenek.
Lopezi, Blanca Urgell sailburua eta Jon Juaristi albo banatan dituela, euskararen museoa zabaltzea falta zaio. Horixe baita horiek nahi dutena. Euskara museo batean ikusi, lehortuta, hilda. Zer ote dio Lurdes Auzmendi berak edo jada Lakuatik kanpo dagoen Ramon Etxezarretak? Ziur naiz lehendakariak esandakotik urrun daudela.
Ez al ditugu ba gureak Oreja de Van Goghen abestiak? Baina baita Xabier Leterenak edota Mikel Laboarenak ere.
Ze Euskadi defendatu behar du euskara mespresatzen duen lehendakari batek?
Ze euskaldun ordezkatu behar ditu euskara elementu zatitzailetzat duen lehendakari batek?
López jauna, politikook eta nor denak, barkamena eskatzen jakin behar du. Eta zu, barkamena eskatu beharrean zaude!