lunes, 21 de junio de 2010

¡Aupa Real!

ASIER ARANBARRI URZELAI. Portavoz de EAJ/PNV en Juntas Generales

Aparretan eduki gaitu Errealak, puztu-puztu eginda. Harro. Biharamuna luzea izan da, gainera. Gure mutilek ondo merezita zutena lortu dute azkenean. Eta baita, hiru urtez poxpoloari sutan eutsi dien zaletu guztiek ere. Celtaren aurkako partidua jokatzen zuten bitartean, kaleak hustu egin ziren, taberna zuloetan bildutako arimak, berriz, berotu!

“Igoerarekin, ni gizendu egin nauk bapatean!”, zioen batek. “Orain, lehenengo Bilbori irabaztea duk!”,  beste batek. Izan ere, esku bateko behatzekin konta daitezke gaur egun hainbesteko zalaparta eta jendetza sortuarazten duten gertaerak. Amorru gehiegirekin jarraitu ez arren kirola, futbolak edo afizioaren emozioak badu, niri behintzat, oilo-ipurdia ateratzeko gaitasuna. Eta horrelako une asko eman dizkigu Errelak. Hori zor diogu.

Behin idazle bati entzun nion futbolaren jarraitzaile guztiak estadio batean sartu eta musika klasikoa entzungo balute, gauzak beste era batekoak izango liratekeela. Litekeena da. Gaurko gizartea ez dago isiltasunean gozatzera ohitua, zalaparta artean bizitzera kondenatua baina. Edonola ere, idazleak eta politikariok ez gara izango seguruenik egokienak futbolaz mintzatzeko. Literaturak eta politikak gaztedia erakartzeko futbolak duen indarra balute, ez lirateke liburu-dendak itxiko, eta alderdiek jendea sobera izango lukete euren erronkei aurre egiteko. Tamalez, horretan futbolak gain hartu digu. Noski, badira irakurri gabe bizi ezin duten futbol zale borrokatuak eta elastiko txuri-urdina ia-ia lo egiteko ere kentzen ez duten politikoak. Egon, denetarik dago eta hori da onena.

Zorionak Errealeko jokalari eta zuzendaritzari, eta nola ez, Gipuzkoan ditugun zaletu guztiei. Orain, gozatzea tokatzen zaigu!

Camarero!!! que?? Una de champiñones!! Una de champiñones?? Champiñones!! Champiñones!! Oee, oeee, oeeeeeee…”

Musika klasikoa beste egun baterako utziko dugu. Gipuzkoarroi gorputzak egun hauetan beste zerbait eskatzen digu-eta.

Gora Erreala!

Leer más...