jueves, 28 de octubre de 2010

Historia antzeko atalekin osatzen da

Historia errepikatzen ez bada ere,  sarritan oso antzeko atalekin osatzen da. Gaur Gipuzkoako Batzar Nagusiak Azkoitiko Santa Kutz ermitan bildu dira. Eta dira diot, batzarkidea banaiz ere, gaur alkate gisa aritzea tokatzen zitzaidalako. Bildu garen toki berean batzartu ziren, 1685ean, azkenengoz Junta Partikularrak. Hiru gizaldi pasa geroago, hantxe izan dira lurraldeko subiranotasunaren ordezkari gehientsuenak, diputatuak eta batzarkideak, esaterako.

Egia esan, une historiko baten parte izan gara. Ondo dakizuen moduan Junta Partikularrek, Batzar Nagusiak ez bezala, ez zuten aldizkotasun finkorik. Tarteka biltzen ziren, agiriek erakusten duten moduan, ondorengo gaiak jorratzeko:

“negocios gravísimos y de mucha importancia al servicio de su Majestad y a la utilidad y conservación de la Provincia y su hermandad”

Azken finean, ondoko kasuetan: heriotza segurua, errege-erreginen agindua eta segurtasun publikoa (ordena nahastea edo gerra pizteko arriskua)


Junta Partikular hauek, 1457. urteko Ordenantzen arabera, bi lekutan ospatzen ziren, USARRAGAN (Bidanian) eta BASARTEN (Azkoitian). Geroago, berriz, Azkoitiko Santa Kutz konbentuan eta Azpeitiko Olatzko Ermitan, 1470. urtean Enrike IVaren errege-zedulan jasotzen den moduan.

Ikusten den moduan ez ziren herri edo herribilduetan ospatzen. Zergaitia? Herri eta Ahaide Nagusien arteko tira-birak pil-pilean zeudelako garai haietan. Gipuzkoa egiten ari zen.

Hau da, gai zailak aztertzen zituzten batzar berezietan, eta, antza, haiei buruzko erabaki eta akordioak ahalik eta adostasun handienarekin hartzea zen batzar bereziak leku horietan egin behar zirela azpimarratzeko gakoa. Horretarako, hiribilduen adostasunaz gain, beharrezkoa zen erabakien eta akordioen zuzeneko eraginpean zeuden Gipuzkoako Ahaide Nagusien onespena.

Aipatutako lekuak Gipuzkoako erdialdean eta hiribilduen jurisdiziotik kanpo zeuden, eta horri esker, oinaztarren eta ganboatarren leinuak (linajes) ere joaten ziren bileretara. Funtsezkoa zen hori aro modernoaren hasieran, hiribilduek nagusi izan nahi baitzuten koroarekiko harremanetan. Horrela jasotzen da 1461eko Ordenantzan:

“Por que los dichos lugares de Vasarte y Usarraga son en to medio de la Provincia, porque los de los linajes e bandos que solian ser Onnas e Ganboa pudiesen benir seguramente a dichos logares”

1700. urtera arte egin ziren Junta Partikularrak leku horietan. Bidaniako azken bilera 1700. urtean egin zen, baita Olatzkoa ere. Santa Kutzekoa, berriz, esan bezala, 1685ean.

Hainbat erabakiren artean bat aipatzearren, 1475. urtean harturikoa ekarriko dut gogora: Gipuzkoak erreginatzat onartzen du Isabel Katolikoa, hark Gipuzkoako legeak eta ordenantzak berrestearen truke.

Edo, 1482an harturikoa. Probintziak 29 ordenantzaz osatutako kuaderno bat onartzen du, erregeak ondoren Medina del Campon berretsi zuena.

Azkoitiko kasuan Santa Kutzeko azken Junta Partikularra 1685. urtean ospatu zen eta ondorengoak, jada Junta Partikular edo Junta General moduan hiribilduan. Aurrenak lehenbizi Udaletxean, ondoren ospitale zaharrean, eta azkenik egungo Udaletxean.

Azkoitia Diputazioaren eta Korrejimenduaren txandako lau egoitzetako bat izan zen 1759. urtera arte. Urte hartan, behin-betikoz Donostian kokatu zen, beraz hainbat dira Azkoitian ospatutako Batzarrak.

Horrek argi uzten du Azkoitiaren parte-hartzeak izan duen eragina Gipuzkoaren egituraketan. Aipatzekoa da, esaterako, 1758. urtean, Gipuzkoako Foruen Eranskina argitaratzeko erabakia hartu zela.

Handik sei urtetara sortzen da berriz Euskal Herriko Adiskideen Elkartea Xabier Maria de Munibe- Peñafloridako kontea-, Manuel Ignacio Altuna Portu edo Joaquin Egiaren eskutik. Azkoitiko Zalduntxoak. Harreman zuzena zuten Batzar Nagusiekin, besteak beste, Peñaforidako kontea Azkoitiko Alkate eta Ahaldun Nagusi izan baitzen. Guzti horren lekuko da 2006. urtean eraberritu genuen Insausti Jauregia.

Hortxe daukagu lankidetza publiko-pribatuaren lehen oinarria, argia eta garbia, elkarte berriaren proiektua Gipuzkoako Batzar Nagusiei aurkeztu zitzaielarik 1763. urtean, 1765ean Batzar Nagusian onartua izan zelarik. Bereziki ezagutza lau alderditan lantzea erabaki zen: nekazaritza, zientzia eta arte erabilgarriak, industria eta merkataritza, politika eta letra onak.

Benetazko ilustratu eta Europazale batzuren aurrean gaude. Izugarrizko garrantzia eman ziotelarik, lehen kezka moduan, gazteen heziketari. Hortik sortzen da 1769. urtean Bergarako Seminario Erreala. Bertan aurkitu zuten Elhuyar anaiek Wolframioa.

Eta ez dira ahaztu behar ezta 1777an sorturiko Bergara, Gasteiz edo Bilboko Marrazki Eskolak. Edo Adiskideen eskutik sortzen diren hainbat eta hainat sozietate ekonomiko. Garai hartako abangoardiaren aurrean gaude.

Gure ardura da historiaren zati hau ezagutu eta espiritu ilustratu hura berreskuratzea. Horretan dihardugu, herri honi Goyo Monrealek zioen moduan “ Santa Kruz apaiz gutxiago eta Peñaflorida konte gehiago komeni baizaio”.

Horrek izan behar du Azkoitiak Gipuzkoari, Euskal Herriari, Euskadiri egin nahi dion ekarpena, sustrai sendo eta adar luze eta hosto zabaleko zuhaitz baten gisa, herriaren izaeran erroturiko, era berritu batean mundura zabalduriko eta guztion arteko elkarbizitza hobeago baten mesedetan eginiko ekarpena.

Hauxe da izan da gure iragana, hauxe da gure eguna eta honetxek izan nahi du gure etorkizuna. Katea ez delako eten.

Leer más...