miércoles, 13 de abril de 2011

Erronka: burujabetza energetikoa

Garapen iraunkorraz bolo-bolo hitz egiten da. Lurraren beroketaz ere bai. Gure artean, ez dira hainbeste oraindik ekologia hartu dutenak euren bizitza filosofiaren ardatz. Badira aurrerapenak zementuarekin, paiasaiaren aurkako mehatxuarekin eta kapitalista gosetiekin lotzen dituztenak.
Gehiengoa kontsumoaren plazerrean erori da eta erosotasunaren magalean bizi da. Lasaitasun hori gasolindegietan puskatzen da. Zulotik behera doan erregaiaren jarioa etetearekin batera, markagailuari begira dagoen bezeroaren begietan islatzen denean gasolinaren prezioa. Sustua eta disgustua batera. Energiaren kontua ikuspuntu ekologikotik saldu izan digute. Ez arrazoirik gabe. Baina gure poltsikoetan duen eragina da benetan izutzen gaituena, eta zerbait egitera bultzatuko gaituena.Diru kontua da. Dependentzia energetikoari aurre egin beharra daukagu nahi eta nahi ez, egungo bizi-kalitatea mantentzeko. Bestela, gure Barne Produktu Gordinaren ehuneko handiegi bat inbertitu beharko dugu energian. Zein da horren ondorioa? Gero eta pobreagoak izango garela. Adituen arabera, petrolio merkea amaitu da edo amaitzear dago. Gero eta garestiagoa izango da putzuetatik likidoa ateratzea. Ondorioz, energia aldetik, autonomoagoak izaten lagunduko diguten irteera propioak garatu behar ditugu. Eta horretan, aliaturik onena paisaia da. Eguzkia, ibaiak eta zuhaitzak ditugu. Azkoitian hasi gara lanean, Loiola Berrikuntza Fundazioaren eskutik. Alde batetik, Urola ibaiko ur-saltoei esker, grabitatearen eraginez sortzen den energia zinetikoari zer nolako aprobetxamendua atera diezaiokegun aztertzen ari gara. Gure asmoa da argi publikoen kontsumoa estaltzeko adina energia sortzea bide horretatik. Biomasa da eskura dugun beste energia iturri garrantzitsuenetako bat eta bide hori ere arakatzen ari gara. Azkenik, kotxe elektrikoarekin esperientzia pilotu bat jarriko dugu martxan hemendik gutxira, azkoitiarrei ibilgailu elektriko bat probatzeko aukera emanez. Energia berriztagarriek ez dute arazoa bere osotasunean konponduko baina konponbidearen zati dira, dudarik gabe. Energia eolikoak, esaterako, zenbaiti min egingo dio begietan, baina iturri agortezina da, eta errota eolikoen inpaktuak ez du oraindik behintzat inor itxutu. Beraz, heldu lekuak baditugu. Bestela, Gaddafik Libian doministiku bat egin orduko, gasolindegian agudo antzemango diogu.
Dependentzia energetikoak pobretu eta ahuldu egiten gaitu herri bezala. Zenbat eta lehenago aurre egin, hobe. Ekologista erromantikoak, ekonomista praktikoak, kontsumitzaile amorratuak… Denok bat egin behar dugu. Geuregatik eta datozenengatik.

Leer más...