miércoles, 30 de marzo de 2011

Urteen aurka, teknologia














Urteak aurrera doazen heinean, harridurarako ahalmena galtzen joaten gara. Haur bat gai da paper zati bat eskuan hartu eta bizpahiru minutu hari begira emateko. Guk, ordea, zerbait handia behar dugu zur eta lur geratzeko. Zientzia da hori ahalbidetzen digun esparru bakarrenetarikoa. Lehen eta orain. XXI gizaldian zientziari esker, ahal da enbrioiak manipulatuta, jaioberriaren ilearen edo begien kolorea hautatu, horrek dakarren eztabaida etikoa tarteko. Zientziak gaurko gizon-emakumeon kapritxoen zerbitzura egon behar du? Ez dut nik horrelakorik uste. Alabaina, gaur egungo piramide demografikoa ikusita, sekulako pagotxa dela uste dut zientziak eta puntako teknologiak eskaini diezazkiguketen abantaila praktikoak eskura izatea, gizakion bizi-kalitatea hobetze aldera. Alegia, tresneria artifizialak balio badu gizabanakoari huts egiten dion hura berreskuratzeko, jarrai dezagun bide horretatik ikertzen, ingeniaritzaz, zientziaz, teknologiaz, errobotikaz edo behar denaz baliatuz. Kontua da pertsonak zahartzaroaren eraginez edo ezintasun baten ondorioz galdutako ahalmenak berreskuratu ahal izatea. Ezinean dagoenari ahalik eta autonomia gehien ematea, hain zuzen. Ibili ezin duena zutik jartzea edo tetraplegia duen pertsona batek buruaren mugimendu soil bat nahikoa izatea, erakusle bat maneiatzeko. Eta horretan asko aurreratu dugu, bai guk, bai beste herrialdeek. Aurrerapen horien edo antzerakoen helburu nagusietako bat da pertsona helduak euren etxeetan ahalik eta denbora gehien mantentzea, egoitzarako jauzia atzeratuz edo deuseztatuz. Guztion desioa da gure azken orduak geure betiko ohean eta geure familiaz inguraturik bizitzea, ezta? Horretarako, egunerokotasuna erraztuko diguten gailuak behar ditugu. Horretan dihartute, besteak beste, esaterako, Tecnalia Teknologia Zentroa edota Ingema Institutua, alegia, teknologia pertsonen zerbitzura jartzen. Gaur egun, adibidez, bakarrik bizi den aitona edo amona batek lor dezake, skype bidez, egunero bere senitartekoren batekin batera bazkaltzea. Teknologiarik arrotzena ere erabilerarekin eguneroko bihurtzen da. Hori asko da. Eta adibideak askoz gehiago dira. Bizitzako azken urteak duintasunez eta ahalik eta errazen eta zoriontsuen bizitzeaz ari gara hitz egiten. Eta alderdi ekonomikoari begira, Gipuzkoako zenbait enpresentzat sektore erakargarria izan daiteke. Edonola ere, kontutan hartzekoa da indarrak nora bideratu. Beharbada, Gipuzkoa txikiegia da hartuta dituen ikerketa eremu guztiak aurrera eramateko. Aztertu beharko litzateke ez ote den hobe esparru jakin batean zentratu eta bertako ikerketa zentro guztiak bat egitea helburu jakin horretan. Adibidez, Alzheimerraren azterketa lanetan. Momentuz, Miramongo CITA Ikerketa eta Terapia Aurreratuen zentroak “Gipuzkoa-Alzheimer” proiektua martxan du, gaixotasunaren garapena nola atzeratu daitekeen jakiteko giltzarriak aurkitzeko xedez. Auskalo non dagoen gure jomuga! Pentsa, irakurri dudanez, Israelen, esaterako, hatsaren bidez pertsona horrek minbizia duen edo ez esaten duen sudur elektronikoa garatzen ari dira. Ikerketak ez du amaierarik.

Leer más...