viernes, 6 de agosto de 2010

Duela hamar urte… Joxemari gogoan


ASIER ARANBARRI. Portavoz de EAJ/PNV en Juntas Generales

Oraintxe nagoen leku berean nengoen Joxemari Kortaren hilketaren berri jaso nuen egun hartan. Barrua hautsia, puskatua, desegina sentitu nuen. Segidan elkartasuna sendiarekin. Jarraian gorrotoa. Ba al leike! Zergaitik? Horrenbeste bider nere buruari egindako erantzunik gabeko galdera. Ez baidago zergaitirik horrelako hilketa baten aurrean. Bonbek eta tiroek ukitzen duten guztia zikintzen dute.

Egonezina konpartitu nahian gogoan ditut bereziki Zumaiko manifestazioa eta Zestoako plenoa. Hemen ere beti galdera berdina. Noiz arte? Ez al dute hauek herria entzuten? Ez al dute hauek herriaren nahia errespetatzen? Erantzuna errepikorra baina bakarra: ez, ez, ez. Noiz arte?

Hala ere gauz batek pozten nau, gauz batek ematen dit itxaropena, asko gainera. Autopistatik Zumaira begirako errebuelta famatua hartzean Korta enpresa zutik ikusteak. ETAk Joxemari erahil zuen baina Korta zutik dago.

Ez nuen Joxemari ezagutzeko parada izan, baina bai ondoren bere bizitza irakurtzekoa. Herriko ekintzailea izan zela esan dezaket huts egiteko beldurrik gabe. Berdin da, herriko festetan, txirrindularitza, euskararen alde, enpresan edo familian. Familiarentzat harro egoteko gizona eta ondorengoentzat eredua. Euskadik Korta asko behar ditu. Asko. Hau idaztean, ETAk eraihildako Inaxio Uria datorkit burura. Beste eredu bat. Ezereztik, borondatez, asmoz eta egitez sortutako gizonak. Eta honekin bere esaldia, Joxemarik ere konpartituko lukeena: aurrera egin behar diagu!

Ez noa luzatzera, hauxe baita, neri behintzat, Joxemarik utzi didan lekukoa: hobeto edo okerrago, egun onak edo tristeagoak, pozez edo pattal beti aurrera!

Jaso dugu lekukoa Joxemari! herri honek, gure Euskadik, pasatakoak pasa, gertatutakoak gertatu, jasandakoak jasan, merezi duelako.

Bihotz-bihotzez besarkada bat Kortatar guztioi!

Gogoan baita ere terrorismoak jotako guztiok!

Agur eta ohore Joxemari!

Leer más...