jueves, 9 de diciembre de 2010

Xabier, adiorik ez

Herri batek poetak behar ditu, arkitektoak, kale-garbitzaileak edo sendagileak ezinbestekoak dituen neurri berean. Herriaren ahotsa izan da Xabier Lete. Frankismo garaian, batzuk euskara eta euskal kultura hortzekin estututa zeukaten sasoian, Letek eta konpainiak hortzakada arintzen lagundu zuten, errepublika garaitik gainbeheran zihoan euskal kultura berpiztuz. Gu garenaz mintzatu izan zaigu beti Lete, sakonki aritu ere. Sentimenduen eta pentsamenduen larrean ibili da. Besteoi barruak askatzen lagundu digu, bera nahikoa itotzen bazuten ere hain letra ederrez janzten zituen hausnarketa eta korapilo existentzialistek. Asko zor diogu Leteri.

Gerozko honetan, belaunaldi gazteek, euskara etxean eta kalean jasotzeko pagotxa izan dute. Doan. Egurrik gabe. Eta horrek egin beharrekoa egina dagoela uzte izatera ere eraman gaitu, gure aurrekoek egindako lana itzalpetik atera beharrean, gure hizkuntzarekiko militantzia ahularaziz zenbaitetan edota militantzia horretaz jabetzeko saiakerak eginez beste batzuetan. Leteri Durangoko azokako ateetan omenaldi inprobisatua egitera eramandako sentimendua berreskuratu beharrean gaude. Hor daukagu. Seguru. Baina hautsak kendu beharrean. Hitzetan eta doinuetan sinesteari utzi diogu. Eta ez da, gaur ez dagoelako idazle eta musikaririk. Baina erreferenteak erreferente bihurtzeko, sentimenduak ere ureztatu egin behar dira. 

Besteak beste, Lete, Oteizaren ideiari eutsiz, Ez Dok Amairuren sortzaileetako bat izan zen. Kultur diziplina ezberdinak batzea zuen helburu egitasmoak. Ez al litzateke gaur ere gauza bera egin beharko, denbora berriek eskatzen dituzten aldaketa guztiekin? Hala dio esaera batek: “bakarrik azkarrago iritsiko naiz, baino denok elkarrekin urrutira ailegatuko gara”. Ikastolak jarri ziren martxan, euskaldun zaharrak ez direnak berriak dira, baina ez al dute euskarak eta kulturak beste hausnarketa edo esna-aldi bat eskatzen?. Esker txarrekoak ginateke gure herriaren ahotsa isilduko bagenu.  

Leer más...