martes, 11 de enero de 2011

Su-etena

Azkenean iragarri du ETAk su-etena. Ezinegona nabarmena zen eta ezker abertzalearen baitan antzematen zen tirabira, seguruenik, jasanezina. Prozesua luzatzeak bere ondorioak ditu. Denborak neurtu ezean, euskal gizartean horrelako gertakizun batek eragin dezakeen bizipoza, izan beharko lukeena baino ahulagoa izan daiteke-eta. Gezurra esaten duenari ez zaio egia esaten duenean sinesten, eta hau lehenengo su-etena ez izateak, gauzak beste modu batera ikustera eramaten gaitu. Hala ere, soluziobiderik ez dagoela pentsatzea, denbora luzean pentsatu izan dugun moduan,  are eta okerragoa eta mingarriagoa da. Nahikoa ez izan arren, euskal gizarteak nahi zuen erantzuna baldintzarik gabeko desagerpena baitzen, pauso bat da. Atzo baino gaur hobeto gaude.  

Edozein kasutan, euskal gizartearena da garaipena. Ezker abertzaleak ez zuen bestela emandako pausoa emango. Gizarteak bizkarra ematen duenean, armak hiltzen jarraitzen dute, baina tirokatzen dutenak ere itotzen joaten dira. Beste irtenbiderik ez zuen ETAk, nahiz eta hori jakin arren, jarrai zezakeen erailtzen eta doan min egiten, bere historia osoan egin duen moduan. Ia 900 hildako eragin ditu, azkenean negoziaketa eta elkarrizketa aldarrikatzeko. Dagoeneko berandu.

Bestetik, erakundeetara bueltatu nahi izateak eraman du ezker abertzalea bide demokratikoak defendatzera eta ez beste ezerk, betiere momentu jakin batean eta ibilbide pertsonal jakin batzuen ondorioz sortu den aktore taldeak lagunduta. Badirudi asmatu dutela bide demokratikoak defendatzen dituztenen indarrak bideratzen eta indar armatuen aldekoei hesiak jartzen.

Eta orain zer? Hobe litzateke ezker abertzaleak bere burua legeztatuta ikusiko balu lehenbailehen, joko politikoan arau berdinekin jokatu dezagun guztiok, inor lapurtzat hartu gabe. Hori da orain, Gobernu espainiarra barne, denon artean jorratu beharreko bidea.

Herritarrek pakea nahi dute. Nola edo ahala. Lehenbailehen. Eta ETAren jarrera ulerkaitza egiten zaien bezala, Madrilgo gobernuari ez diote egoskorkeriarik onartuko. Bai. Litekeena da ez izatea ETAren amaiera. Baina ez gaude aukerak galtzeko. Ezker abertzaleko kideak legebiltzarrean ikusi nahi ditugu eta ez ezkutuan. Eta gehiago txanodunik ez dugu ikusi nahi, ez bada armak entregatzen dituztela esateko.

Leer más...