martes, 22 de febrero de 2011

Zer gara gu?


Euskal Identitateaz hitz egiten dugunean, denok dakigu euskaldunok ez ditugula herritarrak adina arima, Lopez lehendakariak sinestarazi nahi digun moduan. Baina euskaltasunaren barruan, ez al dago zirrikitu asko?, Euskaltasuna adierazteko modu anitz?, Estetika bakarrari erantzuten dio akaso?, Ikur jakinei soilik?... Identitateaz bolo-bolo hitz egiten da baina aparraren azpian dagoena ukitu gabe. Demagogiarako gai mamitsua da askotan euskaldun sentitzen ez direnentzat. Parodietarako errepikaria beste askotan. Zer gara gu? Horra galdera. Gai horren inguruan hausnarketarako eta eztabaidarako tartea zabaldu nahi du Forum Azkoitiak. Azaroan “Familiaren eta Lanaren arteko Kontziliazioaren inguruko Jardunaldiak” antolatu genituen eta aste honetan Euskal Identitatea izango dugu hizpide Azkoitiko Elkargunean.Xabier Euzkitze bertsolari eta kazetaria arduratu da ekimena hezurmamitzeaz. Ikuspegi bat baino gehiago biltzea dugu helburu eta gonbidatuen maila ikusita, ziur horretan lagunduko digutela. Blog orri honetan bertan duzue egitaraua “Forum Azkoitia”n klikatuz. Nik aurrerapen bat besterik ez dizuet egingo. Euzkitzek aurkezpenean esan zuen moduan, “Iparragirrek hala abestu zuen: “Ara España, lur hoberikan ez da Europa guziyan”. Ze Espainiataz ari zen? Ez al zen ba euskaltzalea? , Euskaltzalea izateko modu hori logikoa ote da? Bigarren Karlistadan nola sentitzen genuen euskal nortasuna? Zer terminologia erabiltzen genuen?”. Galdera guzti horiei fundamentuzko erantzunak bilatzen saiatuko gara jardunaldietan. Jon Sarasuak, Iñaki Egañak, Tere Irastortzak eta Terexa Lekunberrik hartuko dute parte lehenengo egunean. Bigarrenean, berriz, Andoni Olariagak eta Joseba Etxarrik. Amaiera mahai-inguru batekin emango zaio. Patxi Baztarrikak, Ramon Etxezarretak eta Joxerra Gartziak hartuko dute parte. Euskal identitatea… bakarra ote? Horixe da hirukoteari luzatuko zaion galdera eta solasaldia abiatzeko Euzkitzek Txillardegik eta Martin Ugaldek elkarri idatzitako gutunak ekarriko ditu gogora.

Ondorio bat beti baita, hemen badela herri bat, herri izan nahi duena, halako edo holakoa baina herria, Euskal Herria.

Gonbidatuta zaudete!

Leer más...