lunes, 6 de agosto de 2012

Agur eta ohore Joseba!

Omenaldi bat izan nahi du honek. Xume bezain sentitua. Kanpoan nintzen Josebaren heriotzaren berri izan nuenean. Banuen bere gaixoaldiaren berri baina egunkarian irakurtzeak kolpe berezia eman zidan bihotzean. Segituan etorri zitzaidan gogora bera aita zenari, Jose Antonio Agirre Lehendakariari, Azkoitian, Azoka Plazatik Eliz Atarira bitarteko ibiltokiaren izena emanaz Xebas Larrañaga eskulturgile azkoitirrak eginiko estela sendo, eder eta esanguratsu hura, Ikurriñaren Plazan inauguratu genuen eguna. 2004 zen, Jose Antonio Agirre Lehendakariaren jaiotzaren 100garren urtemuga, hain zuzen ere.

Azkoitian izan genuen Joseba Agirre, Lehendakariaren semea, bere emazte Mari Joxeparekin. Beti iruditu izan zitzaidan gizon elegante hark, berarekin zeraman orduan ere inoiz utzi ez zuen gentleman izaera hura. Gizon, fin bezain sendoa, sustraitu bezain mundu zabalekoa, demokrata, abertzale eta euskalduna. Lekukotza handi baten isla, belaunaldien arteko kate lotura eta etorkizunerako itxaropena. Beti duintasunez jantzia. Horrelaxe ezagutu nuen Joseba. Une berezia izan zen niretzat. Erabat unkigarria.  




Betidanik izan dan Jose Antonio Agirre niretzat erreferente bat, zentzu guztietan, bereziki 1991an, Historiaren Zuzenbidea ikasten ari nintzela, arrapalada batean, "De Gernika a Nueva York, pasando por Berlin" irakurri nuenetik. Horrenbeste bider, etxean, entzun nuen gizon hari, izaera, izate eta egitea jarri nionetik alegia, aurpegia jarria bainion, nire aita zenak, zeraman poltsikoko giltzaleku batetik. Gogoan dut oraindik.

Ondorioz, Azkoitian, nire herrian, Alkate nintzen garaian, Agirre Lehendakariari estela bat jarriz Ibiltoko bat eskeintzea, ohore handi bat izan zen niretzat. Egun bera aprobetxatu genuelarik, garai demokratikoko Alkate eta zinegotzie, guztie, omenaldi bat egiteko.

Non eta Ikurriñaren Plazan, Azkoitian Ikurriña lehen aldiz aireratu zen lekuan. Ziragarria. Eta han, aitaren lekuko, bere seme Joseba gure artean izatea, benetan berezia izan zen. Iragana eta eguna lotuz, abertzaletasuna eta demokrazia bat eginez, Agirreren belaunaldiaren baloreetan oinarritu genuelako Azkoitian altxatzen den ikurriñaren enborra: gizatasunez, herri maitasunez, apaltasunez,zintzotasunez eta elkarrekiko errespetuz. Horixe baita euskal abertzaletasuna. 117 urteko historia duen abertzaletasuna. Gure izana eta sena eredugarri egiten dituena.

Lekuko hau jaso geneun, besteak beste Jose Antonio Agirre Lehendakariarengandik eta lekuko hau eman du bere gain, dotorezi handiz, Joseba Agirre, bere semeak, bere bizitza guztian zehar. Mila esker, bihotz-bihotzez.

Orain guri dagokigu, ondorengo belaunaldiari, lekuko hau jaso eta aurrera egitea. Etorkizunari begietara begiratuz, Euskadi berpiztuz, martxan jarriz, etorkizun hobeago bat eraikiz. Guri dagokigu. Guk egin behar dugu. Dena emanaz maite dugun Aberriari.

Agur eta ohore ohore Joseba!

0 comentarios:

Publicar un comentario