viernes, 1 de junio de 2012

Egiguren

Asko gustatu zitzaidan atzoko Bisitaria, egoki eman zuen Xabier Euskitzek Jexus Egiguren Xoxoteko gailurrera. Txilarren gosaldu eta Azpeititik abiatuz Inazio Deunaren magaleraino. Egigurenen bizitzako ibilaldi metaforikoa zirudien udaberriko egun eder hartako igoerak. Unkigarria izan zen isiltasunez jantzitako bien begirada Izarraitzen barrena. Alde batera Oiñatztarrak eta bestera Ganboatarrak. Gure historia, gure eguna...eta elkarrekin eraiki beharreko etorkizuna.

Ulertzekoa protagonistaren sufrimendua, errespetatzekoa barne-hustea eta nahiz eta irudien mitifikazoan erortzeko arriskua nabaria izan herri honetan, goraipatzekoa pakearen aldeko lana, inoiz bisitari izango ez diren hainbat isilpekoena moduan.

Madarixa auzoko Aittola Zaharreko bazkari hark ere, aurreko ibilbideak bezala, izan zuen bere beste protagonista: euskara. Ziur naizelarik Egigurenek esaniko asko gazteleraz ezin izango zituela esan edo gutxienez beste modu batera azalduko zituela. Hortxe ikusi zen barne hizkuntzaren garrantzia gizabanakoaren izate bitalean. Zaindu, garatu eta bideratu beharreko altxorra.

Pake gaiak alde batera utziz. Frustatua ikusi nuen Egiguren. Bideari ekin eta erdibidean geratu den mendizalearen gisa. Ulertu ezaren isla. Horixe barnebiltzen duelarik ere "nazionalista sentitzen naiz baina ez sabindarra" esaldiak ere. Bat egiten duelarik, nere ustetan, esaldi horretan Arnaldo Otegirekin. Hortik beraz, nere ustez, elkarulermenaren eta lagun izatearen arrazoietako bat.

Zergaitik diot hau?

Hortik ondorioztatzen delako nere ustetan, Egigurenen eta Otegiren buruan zegoen eta lortu ez den nahietako bat. Egiguren berak Txilarreko mahiko elkarrizketan esan zuena. Etorriko da ezkerreko gobernua, berandu baino lehen iritsiko da ezker abertzalea eta sozialismoaren arteko ulermena.

Hauxe lortu ezak eman du Egiguren, besteak beste, frustraziora. Hortxe dagoelarik, PPrekin ituna puskatzearen arrazoi nagusia ere. Asmoa hoixe baizen, PPren eskutik Bildu-Amaiur-Sorturen eskuetara pasatzea. Elkarrekin. Bientzat arerio politiko den EAJ-PNV, abertzaletasun sabindarra, Egiguren (eta nere ustez baita Otegiren ustetan ere) albo batera utziz. Presak, krisiak eta orohar heldutasun faltak, PSOEk PPrekiko zuen menpekotasunak eta Ezker Abertzalearen  zalantza esistentzialak, zapuztu duena.

Hortik Egigurenen esaldi famatu hura, duela ia lau urte, "Ibarretxe kentzen badezue ere, PSOEk ez du lagunduko EAJ-PNVek burututako Eusko Jaurlaritza bat". Edo Aieteko Konferentziaren aurrean, bertaratzeko Patxi Lopez Lehendakariari sartu zion  presioa. Traba egiten die Egiguren eta Otegiri EAJ-PNVek. Taktikoki EAJ-PNVra hurbilduko dira baina estrategikoki argi dute etorkizuneko aliantza. Txilarre zein EAJ-PNV iritsi aurreko Loiolakoa: ezker abertzalea (edo nazionalista euskalerrianoa) eta sozialismo baita ere (nazionalista euskalerrianoaren) elkartzea.

Ez dezagun ahaztu, Herri Batasunaren jatorrizko sinbologia Erromako Zubiaren kolorez jantzitako ikurriña harekin. Txuri, gorri eta berdea sabindarra baizen. Distantziak distantzia, ETAren biolentzia albo batera utziz, hortxe elkartzen baidira Egiguren eta Otegi. Zilegia, noski, baina argi izan beharrekoa. Bereziki abertzaletasun eta herri eraikuntza ikuspegitik. EAJ-PNVren ikuspegitik.

Askotan pentsatu ohi izan dudan bezala, taktikoa baita batzuren independentismoa eta besteren ezker abertzalearen aurkako jarrera, Egigurenen hitzei jarraituz eta garatuz, nazionalismo euskalerrianoak batzen ditu. Bai Egiguren eta Otegi geratu diren erdibideak alegia. Ze, ondorengo pausoa, abertzaletasun sabindarra ikusi ere egin nahi ez denean, ustezko internazionalismo batetik, nazionalismo espainiarrera erortzea baita. Egiguren berak onartu zuen bezala atzokoan, Fernando Savater, Jon Juaristi edo Teo Uriarteren izenak aipatuz. Guztiak ezker "abertzalean" militatutakoak. Hortxe dago Egiguren eta Otegiren marra mehe gorria. EAJ-PNV usaindu ere egin nahi ez izateak eta abertzaletasun sabindarraren pausoz-pausoko lana onartu ezin izateak, asko eta asko gainditzera eman dituen moduan. Horregaitik biltzen dira, besteak beste,"nazionalismo euskalerrianoan".

Guzti honen aurrean, nik berriz, Egiguren eta Otegik errefusatzen duten abertzaletasun sabindarra erreibindikatzen dut. Izarraitzko magalari begira, Larramendi edo Peñaflorida ondorengoa den abertzaletasuna. Bizia, zabala, eraberritua baina oinarri sendokoa. Sustrai sakon, enbor indartsu eta osto koloretsu, aldakor eta anitzekoa. Iturri zaharreko ur berritik edaten duena. Herri anima bizirik mantendu duena, nazio kontzientzi egin gaituena eta Euskadi izenaren baitan sujetu politiko egin gaituena.

Hori baita abertzaletasun euskotarra eta eta nazionalismo euskalerrianoaren arteko diferentzia nagusia. Aurrena herri bezala dugun erabakitzeko eskubidean oinarritzen da, hortik Sabino Aranaren "Euzkotarren Aberria Euzkadi da", bigarrena Euskal Herriaren kontzepzio kulturan batetan, sujetu poilitiko izan gabe, paper hori betetzeko daudelarik Espainia zein Frantzia. Xehetasunak albo batera uzten ditut, nahiz ta xehetasunetan egon Jaungokia edo deabrua. Eta badakit etorkizna ez dela marra lodiekin bakarri eraikitzen eta hainbat gizabanako hainbat iritzi daudela. Baina aurrerabidean, oinarri hau garbi izan behar dugula deritzot. Batzuren zein beste sirena kantuetan eror ez gaitezen. Ez orain eta ez gero.

Hortik aurrera, prest Aberria eraikitzen jarraitzeko, noski, baita Egiguren eta Otegirekin ere. Basagoitirekin moduan, posible ikusten baidut "nazionalimo euskalerrianotik", "abertzaletasun euskotarretik" eta PPek eboluzinatuko duen (edo eboluzionatu beharko lukeen) "foralismo konstituzionaletik" elkarulertze, elkarbide eta elkargune bat bilatzea. Hori da bidea. Besteak beste, Jose Antonio Agirre Lehendakariak bere unean ekin ziona eta EAJ-PNV demokrazia atarian, "abangoardia" guztien kritika pean jarraitu zuena.

Baina, taktismoak albo batera utziz, bakoitzak bere kandelari eutsiz eta egia sintzeroak esanaz, pauso berriak emateko zorian gaude gure autogobernuaren sakontze, berritze eta garatze bidean. Hori bai, karta guztiak mahai gainean jarriz.

Atzo Egigurenek, batzuk jarri zituen. Horregaitik gustatu zitzaidan Bisitaria. Zorionak Xabier!





0 comentarios:

Publicar un comentario