martes, 6 de diciembre de 2011

Gauza bakoitza bere lekuan

Ez nuen inoiz pentsatuko karta hau idatzi beharra izango nuenik. Alkatetza uztean neure buruari zin egin bainion, ondorengo Alkate eta taldeak egindakoaren aurrean balorazio publikorik ez nuela egingo.
Horixe ikasi bainuen aurrekoengandik eta horrelaxe adierazi nion egungo Alkate den Pello Bastarrikari ere berarekin bildu nintzen uztailak 5 hartan. Alderdiak alderdi, ezaugarri batek biltzen gintuelako Alkate izan ginanok, erabakiaren zailtasun bakartiak eta hor beti bide lagun izango ninduela, laguntza eskatzen zidan bakoitzean.
Azken Kontzejupetik irakurtzean ordea, bat ezin da isilik egon. Berak ordezkatu duen Alderdi, talde, botuemaile eta bereziki azkoitiarrei zor dion errespetuagatik.

Onartzen dut kritika politikoa, kritika eraikitzailetik egiten du aurrera gizarteak, baina gezurra esatea edo erdizkako egiekin errelato bat egitea ez da kritika eraikitzailea, herritarren inteligentzia eta errespetua zapuztea baizik. Eta honen aurrean ezin isilik egon.
Badakit Azkoitiko EAJ-PNVk eman eta emango dituela Udalaren egoera ekonomikoaren gaineko azalpenak. Ondo azalduko ere, baina nik, buru izan nintzen taldearen izenean eta egindako lanarekiko justua izanez, ondoko bost puntuak garbi utzi nahi ditut.

1)Azkoitiko Udalak ez duela ordaindu ezineko zorrik. 2011ko diru soberakina 1.300.000koa izan zela, hau da defizit gabea, sarrerak gastuen gainetik. Eta hori krisi garaian.

2)Azkoitiko Udalaren zorpetzea publikoa dela 2008tik. Ondorioz ez dago sorpresarik eta are gutxiago bilatu berri den zulorik. Hau ondo zekien Alkateak eta gobernu taldeak kargua hartu zuten egunean eta ondoren emandako azalpenetan.

3)Azkoitiko Udalaren zorpetzeak arrazoi nagusi bat duela: Elkargunea. San Martinerako igogailua barne. Guztiok onartu, gureganatu eta erabiltzen dugun ekipamendua. Hau da gure hipotekaren etxea. Gustora ordainduko den hipoteka.

4)Azkoitiko Udalaren kudeaketa onari esker, Txalonerreka eta Insaustiren birgaitzea lortuko dela, edo nor dago konforme Txalonerrekak baztertuta jarraitzearekin edo Julio Urkixotik barrena dugun herri sarrerarekin?, eta Eginoberrira 100 langileko enpresa berri bat ekartzeko modua dugula.
Guzti hau martxan jartzean eta noski jarriko dela, Zumardia, Altamira, Jausoro, Basarte, Juin edo Oiñartxo jarri diren moduan, Azkoitiko Udalak jasoko duen diru kopuruak erraz estaliko duela egun eremu hauek suposatu duten inbertsioa.
Hor baitago zorraren beste alderdia, lurrean inbertituta. Inoiz izan ez duen bezalako ondarea du egun Azkoitiko herriak Txalonerrekan eta Insaustin.

5)Kontzejupetik bertan agertzen den moduan 2003tik 2007ra zorra jaisteko moduan izan ginen bezala, Gipuzkoa eta multzoko bataz bestekotik azpira, gauzak ondo eginez gero, negar gutxiagorekin, erabaki ahalmen handiagoarekin eta Txalonerreka, Insausti eta Eginoberri garatuz, zorra erabat jaitsi daitekeela 2009tik 2010era jaitsi den moduan. Baita ere krisi garaian.
Eta honetarako ez dago beste misteriorik lana, lana eta lana baino. Goizetik gauera piztuta egon behar da Alkatearen bulegoan. San Andres egunean esan nizun moduan Pello, bat 24 ordutan da Alkate, onerako eta txarrerako. Eta ez da erraza. Baina beti egiarekin, borondatearekin eta lanerako kemen eta gaitasunarekin lortzen da. Eta horretarako ondo dakizu, Alkate ohi bezala, nahiz eta gauz asko ez konpartitu, azkoitiarrengaitik, beti bidelagun izango nauzula.
Hemen uzten dut, hortik aurrera, emango ditu EAJ-PNVko Udal taldeak eman beharreko azalpen guztiak eta martxan jarriko jarri beharreko ekimen guztiak. Baina naiz eta Ajuariagerrak “el que calla calla” esan ohi zuen, oraingoan hitz egitea erabaki dut. Badaezpada.

0 comentarios:

Publicar un comentario