miércoles, 4 de abril de 2012

Aberri Eguna mundu globalizatuan

Kasualitatez josia egon ohi da bizimodua, eta aurreko batean Xabier Euzkitzeren bisitaria programak harrapatu ninduen Aitaren Egunean, San Jose Egunean, oparitu zidaten Xabier Leteren “(Auto) Biografia bat” irakurtzen ari nintzanean. Ondarruko portuan Kirmen Uribe ari zen elkarrizketatzen Xabier Euzkitze eta halako batean horrelako zerbait entzun nion Kirmeni: “Ondarrutik mundura. Hau da Ondarrun bizi baina mundura zabaldua”.

Esaldia belarrietatik sartzen ari zitzaidan une berean, ondoko pasartea irakurtzen ari nintzen berriz Xabier Leteri: “Beraz, batzuek aldarrikatu duten euskalduntasun soil eta nazional hori, jatorrizko izateari eta nortasunari atxikia, bere horretan aski eta bakar, nik ez dut inoiz sentitu eta bizitu. Eta hori jakintzaren eta poiesis guneen zabalpen hori, neurri handi batean Lekuonatarrei zor diet. Funtsean eta sustraiez lehenik euskalduna izanik, kulturaren bitartez beste esparru zabalagoetara eraman nindutelako”.

A zer ikusmira zabaleko pentsamendu bateratzaileak pentsatu nuen. Jarrera itxi, uzkur eta sektarioetatik urrun daudenak. Zubilaneko gogoetak giza dikez beteriko itsaso honetan, esan nion neure buruari. Iturri zaharreko ur berria, Leteren lagun min izan zen Josean Artzek esango lukeen moduan.

Zentzu honetan, askotan kontatu ohi da gure etxean, gure aittitteren anekdota bat, non abertzale fina izanik garbi zuen, bere lagun baten iritziaren kontra edo gutxienez konbentzitu nahi horretan, tradiziotik bakarrik ezin zela bizi euskal kultura zionean. “Gure lana, lagun, aurresku eta dantzez gain, Rock-a ere euskaraz kantatzea duk” esan ohi zuen gure aittittek, munduari begira zegoen euskaldun gisa.

Burutazio hauetxek etorri zaizkit, aspaldian alboratuta dudan blogera hurbildu naizenean. Gaurkoan neure buruari esan baidiot, “zerbait idatzi beharra daukek Asier!, Aberri Egun bezperan hago eta”. Izan ere Aberri Eguna egun garrantzitsua da niretzat. Nere imajinarioan, kanpoan edo barruan, jendartean edo etxeko intimidadean, hosenki edo ahopean, hainbat, hainbat eta hainbat abertzale ikusten ditut “Gora Euskai Askatuta!” deiadar egiten.

Oroimen eta etorkizun eguna da aldi berean. Besteak beste, nere izeko Julene, eta harekin batera erbestera joan ziren hainbat eta hainbat abertzale datozkit burura, inoiz betiko Euskadira itzuli ez ziren arren, Euskadi beti bihotzean zeramaten belaunaldi, zintzoa, konprometitua eta ezerren gainetik duina. Gau ilunean, Caracas ertzetik ilargia ikusten zutenean, horrela esaten omen zieten heuren buruei: “Begira Euskadin ere ilargi berbera ikusten ariko dittun”. Ilargiak lotzen zituen Euskadira, e-postarik ez zegoen urte beltz haietan. Ez al da poietikoa? Eta halare gorrotorik ez baina erantzukizun handi bat, katea ez etetzea, belaunaldi berriei ere euskal grinaren lekukotza eskeintzea. Duintasunetik, leialtasunetik, lekukotza pertsonaletik. Eta bereziki, etorkizunaren itxaropenetik.

Sentimendu guzti hauek sortzen zaizkit Aberri Egunaren atarian. Badakit opor egunak direla, atseden uneak, lasai egoteko aukerak. Baina hortxe dugu Aberri Eguna, gure eguna. Pentsamendu zabaleko, konpromezu sendoko eta ekinbide leialeko abertzaleon eguna. Letek dioen moduan “unibertsoaren sakonak baditu erradiazioa eta hotsa, edo murmurioa hobeki esan, Lekuonatarren etxean ere euskara eta herri kulturaren sakoneko hotsak nabari zitezkeen. Etxe hartan herri-jakintza baten adierazpen kultua nabari zitekeen, irakurketaren bitartez kultura unibertsalago baten txertatua, eta niri nahasketa hark on handia egiten zidan”. Horrelaxe interpretatzen dut nik, eta ez bada horrela barka nazala egileak, Kirmenen “Ondarutik mundura” esaldia ere.

Ondorioz, Lekuonatarren etxearen moduan ikusten dut nik Aberria, euskal Aberria. Euskara eta herri sakoneko hotsen isla gurea era baden kultura unibertalaren sarean. Hortik kulturaren garrantzia, jakintzaren ezinbestekotasuna eta beste hizkuntzen ezagutzaren baitan euskararen erabilpenaren premia. Hau baita herri baten, Aberri baten bihotza, munduan bere lekua duen Euskal Aberriaren altxor unibertsala.

Nahiz eta askok kontran jarri nahi izan, globalizazioan hartzen baidu zentzu bikoitza Aberriak. Aberri txiki askok osatutako sarea baita mundua. Aberri bakoitzaren atzean, izate bat baidago, gizabanako talde bat, bere garapen pertsonalari izaera kolektiboa eman nahi dion gizon eta emakume sare bat. Hori da Aberria. Ez dago kontzeptu modernoagorik, itxikeria setatietatik urrun dagoen Aberri eta honekin abertzaletasun zabal, ireki, barneratzaile, humano eta duin bat baino. Modernitatea zerbait bada, gizabanakoari zor zaion errespetutik eta denon partehartzetik, bere on kolektiboa bilatzeko helburutik eratortzen den giza jokabide zuzenen bilduma baita.

Eta horixe da abertzaletasuna, nik jaso dudan eta lekukotza horren ardura dudan abertzaletasuna. Zurekin, zauden lekuan zaudela, datorren igandean, Aberri Egunean konpartitu nahi dudana. Ni Bilboko Plaza Barrian izango naiz. Gora Euskadi Askatuta!

0 comentarios:

Publicar un comentario