Ez zuen gehiengoak bozkatu baina gure lehendakaria da Lopez jauna. Eta guztiona den lehendakari bati gutxien-gutxienez ordezkatzen dituen herritarrak errespetatzea eskatu behar zaio. Ez da horrela izan. Min egin didate euskararen aurkako bere azken adierazpenek.
Ez da euskaldun guztion aurkako eraso dialektiko bat edo komunikazio akats bat. Hori da Lopezek eta oro har euskal sozialistek pentsatzen dutena, esandakoa alegia, nahiz eta batzuetan sikiera disimulatzen saiatu. Ez dute gure hizkuntza ez sentitzen eta ez bere egiten. Diskurtsoetarako baino ez dio balio, eta ozta-ozta. Zenbat aldiz entzun zaie euskara ez dela abertzaleon ondarea bakarrik eta abertzaleok ez dugula hizkuntzaren jabetza? Eta? Hobe hala balitz. Noski, guztiona dela, baina batzuk ez dute nahi. Lopezek mespretxuz hartzen du euskara, herri honen historian eman diren atalik beltzenekin alderatuz. Ez da bidezkoa ETA eta euskara horrela lotzea. Jaurlaritza hau oso urrun dago euskararengandik. Oso urrun Axular, Jones Etxeberri, Antón Abadie, Aizkibel, Larramendi, Azkue, Aitzol edota Aita Barandiaran, Koldo Mitxelena eta Enrike Knorrengandik. Erabat urrun euskal gizartearengandik. Lopezen hitzek euskaldun guztiok ETArekin lotzen gaituzte. Eta hori bidegabea eta arduragabea da. Horregatik, barkamena eskatu behar du lehendakariak.
Lopezi, Blanca Urgell sailburua eta Jon Juaristi albo banatan dituela, euskararen museoa zabaltzea falta zaio. Horixe baita horiek nahi dutena. Euskara museo batean ikusi, lehortuta, hilda. Zer ote dio Lurdes Auzmendi berak edo jada Lakuatik kanpo dagoen Ramon Etxezarretak? Ziur naiz lehendakariak esandakotik urrun daudela.
Ez al ditugu ba gureak Oreja de Van Goghen abestiak? Baina baita Xabier Leterenak edota Mikel Laboarenak ere.
Ze Euskadi defendatu behar du euskara mespresatzen duen lehendakari batek?
Ze euskaldun ordezkatu behar ditu euskara elementu zatitzailetzat duen lehendakari batek?
López jauna, politikook eta nor denak, barkamena eskatzen jakin behar du. Eta zu, barkamena eskatu beharrean zaude!
0 comentarios:
Publicar un comentario