martes, 13 de septiembre de 2011

Ongi etorria Bilduri

Aurreko igandean DVri begirada bat botatzen ari nintzela Rufi Etxeberriaren ahotan "Es inaplazable que la izquierda abertzale abra vías de relación con ETA" irakurri nuenean, "badek ordua" etorri zitzaidan burura. Jarraian berriz Ikerne Badiolari irakurri nion EAJren helburua Bildu EUDELeko exekutibatik alboratzea dela. Gaur berriz Martin Garitano eta Juan Karlos Izagirreren prentsa-aurrekoaren berri izan dut euskal kutxen arteko fusioaren aldeko bozka emango dutela esanaz. Honekin batera Pello Urizar eta Txelui Morenoren esanak etorri zaizkit burura hau dela Madrilera joateko unea esanaz. Ene, ene, ene...pentsatu dut nere barnean, duela 30 urte, 20 urte, 10 urte eta urtebete EAJk esanikoei baietz esanaz ari da Bildu, jakina 30, 20, 10 edo urtebete beranduago...eta gainera nobedade bezala saltzeko ahalmena dute, hori behintzat ezin zaie ukatu. Zer...egia esan poztekoa da Rufi Etxeberriak edo ezker abertzaleak PPrekin harremanak zabaldu nahi izatea, baina bueno EAJk pauso hori eman zuen egunean...entzun genituenak...espaiñolen morroi, herri saltzaile, poltronero...baina beno Etxeberria jauna, ongi etorria demokraziara, alegia desberdin pentsatzen duenarekin arazoak konpontzen saiatzera. Edo EUDELi buruz entzundakoak...ez zuela Euskal Herria ordezkatzen, Euskal Herriak jasaten zuen zatiketa politiko baten isla instituzionala zela, ez zuela ordezkapen ahalmenik...eta orain bertan egon nahi
Eta gainera Bildu alboratu nahi dugula azalduz, nik dakidan neurrian EAJren proposamenari Bilduk erantzunik eman ez dionean. Erantzun ezaren aurrean itundu dugularik PSOE eta PPrekin. Baina honen aurrean ere berriro poltronen bila goazen salaketa. En fin...Bilduk hitzartzen duenean aniztasunaren errespetutik sortzen den herri borondatearen isla da eta EAJk ituntzen duenean berriz botere banaketa. Non gelditzen da Bilduren koherentzia? Neretzat osoa eta bestearentzat hutsa? Edo ez zen demokratikoa, ta beste intentziorik gabe burura datorkidan lehen adibidea da, egun Diputatu Nagusiaren gabinete buru den Iñaki Errazkinek osatu zuen Azpeitiko gobernua EA eta Aralarrekin EAJ lehen indarra izanda? Neretzat ez zen gustokoa baina bai demokratikoa. Hori ezin da ukatu. Aspaldi esan zidan moduan Hondarrabiko zinegotzi eta lagun beterano batek, bizimoduan eta nola ez politikan beti izan behar da gauz bat argi, erregela bera, luzeagoa edo motzagoa, baina beti erregela bera erabiltzea, egitate guztiak neurtzerako orduan, bai bakoitzarenak eta bai urkoarenak. Ez dirudi ordea Bilduk erregela berdina duenik. Oso motza edo malgua beretzat eta luzea eta zurruna besteentzat. Edozein kasutan Badiola Anderea ongi etorria EUDELera. Ai, ai, ai Kutxa, BBK eta Vitala...entzun ditugunak fusioaren aurka ezker abertzaletik, ez horrela EAtik...eta agian hortik dator BIlduren jarrera aldaketa. Poztuko nintzateke. Ohianeko kapitalista espekulatzaileen asmo zikina zen fusioa duela egun gutxirarte. Ondik horrelaxe adierazten zuten batzuk Donostiako Estropaden inguruan...eta gaur Martin Garitano eta Juan Karloz Izagirre fusioaren aldeko agertzen dira, beraien burua fusioaren gizarte alderdiaren salbatzaile gisa azalduz. Egia esan benetan poztu naiz Gipuzkoa eta Euskadirentzat ezinbestekoa baita fusio hau. Berandu xamar baina badator. Baina azkenean bai Diputatu Nagusiak eta bai Donostiko Alkateak orohar jatorrizko planteamenduari eman diote baiezkoa, beti izan baita gure helburua Gizarte Ekintzari erabateko garrantzia ematea. Fusio ezak ukatuko ziona. Hala ere berriro diot, pozeko akordioa. Ongi etorria beraz Bilduri euskal kutxen fusiora, finantza mundura...horrenbeste kritikatu duzuen merkatu librera. Eta azkenik Madril. Gauz bakarra, guda aurretik dagoela euskal taldea Madrilen lanean euskal interesak defenditzen. Ezker abertzalea ere egon zen moduan joateari utzi zion arte. Gogoan dut oraindik Jon Idigoras zena Zarzuela bidean korbata kentzen edo jartzen. Beti da beraz Madrilen egoteko momentua. Ez hau bakarrik. Mundua ez da Bildurekin hasten. Horregaitik lortu da besteak beste Estatutoa iha osotzea azken legealdi honetan. Lan bikaina Josu Erkoreka eta gainontzeko diputatu eta senatariok! Zorionak! Eta hemendik aurrera une berriak datoz Euskadik bere lekua izan dezan denon artean bereraiki behar dugun Europa honetan. Euskadi aske bat Europa libre batean. Europa gehiago eta ondorioz Euskadi gehiago. Eta hor noski, bakoitzak bere lekutik, eskua luzatuta lankidetzarako. Baita Bilduri ere. Anfitrio onak egin behar duen moduan beraz ongi etorri Pello eta Txelui Madrilen euskal interesak defenditzera. Hortan gaude. Azken batean ongi etorri Bildu gauzen errealitatera! Benetan ongi etorriak.

0 comentarios:

Publicar un comentario