Bizitza ikusteko modu asko daude. Diego Garciak korrika ikusten zuen. Eta halaxe eman zuen azken arnasa. Grinik handienarekin egiten zuen hartantxe, alegia. Azkar, gainera. Hura joan zenetik igarotako hamar urteak gehienoi joan zaizkigun moduan. Ziztu bizian. Beharbada azkarregi bizi izan zelako xahutu zitzaizkion indarrak artean gazteegia zela. Baina haren ttipi-ttaparen oihartzuna ez da mututu Azpeiti eta Azkoiti arteko bidean. Haren izenak ahoz-aho segitzen du gure artean. Arnas-estuka joan ohi diren beste hainbat lasterkari ditu bidelagun, eta ametsak erronka bihurtzen dituzten beste asko eta asko, berriz, lagun. Izan ere, maratoiak irabazteko helmugak amets, eta ametsak erronka egin behar dira.Iraganak ez du irentsi Diego Garcia. Aitzitik. Herri oroimenak tokia egin dio. Txoko berezia utzi dio. Ez soilik gure enbaxadoreetako bat zelako dominak etxeratzen zituen herrialde haietan eta harro sentiarazten gintuelako 42.195 metro igarotzeko ematen zuen pauso bakoitzean. Zen bezalakoa zelako baina. Puntako atleta. Bai. Eta azkoitiar peto-petoa. Herrikoa. Gutarra. Gurasoak Extremadurakoak izaki, aise ikasi zuen euskaraz. Ikasi eta egin, ahal zuen tokian eta ahal zuen ororekin. Horrek berak zerbait esan nahi du. Zerbait ez, asko. Dagoen tokian erroak botatzen asmatzen duena, beti bueltatzen da bere habira. Argi zuen hori Diegok. Atletismoak mundua ezagutzeko parada eman zion baina ez zuen tentaziorik erakutsi sekula pilatuta zituen dominak eta zapatilak hartu eta, hobeto bizi zitekeen beste edonora joateko. Beti hementxe. Beti lasterka. Egindako esfortzuak une loriatsuak eman zizkion. Baina bere jaioterrian eta bere herritarrekin gozatu eta ospatu zituen. Hori zor diogu. Arrazoi asko tarteko, belaunaldi gazteek eredutzat hartu behar duten erreferentea da, batik bat, edozein kirolek ahalegina eskatzen duelako, utzikeriak eta nagikeriak alde batera utziz, abiapuntua eta helmuga bereiziz. Baina jakinik abiapuntuko pertsona bera dela helmugara iristen dena. Diego Garciak Azkoitian, herrian, zituen abiapuntua eta helmuga. Horregatik dago eta egongo da gurekin.
0 comentarios:
Publicar un comentario