Bi urte pasa dira Inaxio Uria erail zutenetik. Denboran atzera egin ezin den moduan, zuloak ere ezin dira bete, oroitzapenekin eta loreekin ez bada. Badirudi tunelaren amaieran gaudela. Argi izpi batzuk ikusten dira, behintzat. Bai, beranduegi familia askorentzat. Gero arte batekin agurtu eta etxera oinez gehiago bueltatu ez direnen zerrenda luzeegia da gure herrian. Ez dadila gehiago luzatu.
Hala ere ez Inaxio ez besteak ezin ditugu ahaztu. Batzuk hurbilagoak, hala zen Inaxio niretzat edo beste batzuk hurrunagokoak izan, danak dira gure biktimak. Seguruenik beranduegi hasi gara biktimak aintzat hartzen. Beharbada, lehenago euskal gizarteak ez zuen sosegurik ere, kalera atera eta indarkeriaren aurkako jarrera irmoki erakusteko. Horren ordez, etsipenak jota, aitak semeari eskua altxatzen dionean bezala, kuzkurtu eta erdi ezkutatzeari eman genion. Mutu.
Ezkutalekutik ateratzen hasita gaude, tiro hotsik ez baita entzuten kanpoan. Beraz, ausardiak mugi gaitzala eta ez gorrotoak.
Azken 730 gau hauetan Inaxio etxean izan ez duzuenoi, benetako besarkada bat. Eta beste bat, jada gauak kontatzeari utzi diozuen beste guztioi.
0 comentarios:
Publicar un comentario