Aste honetan bertan, Euskaltzaindiak eta RSBAP/EAEak Pedro Yrizar ikertzaile eta hizkuntzalaria omendu dute, ondo merezita gainera, lan eskerga egindakoa baita. Yrizar Azkoitian jaio zen 1910ean, baina familia, berak bi urte zituela, Madrilera joan zen bizitzera eta hantxe eman zuen azken arnasa Pedro Yrizarrek. Eta hala ere, euskararen bueltan eman zituen bere bizitzako urterik gehienak. Azkoitia eta euskara biziki maite zituen. Ingeniaria eta ekonomilaria izaki, euskal aditza eta dialektologia inork ez bezala landu zituen, gure hizkuntzaren biziraupena aldarrikatuz eta babestuz urterik latzenetan. 15 liburu utzi zituen egindako ahaleginaren lekuko. Baina Yrizarren lana haratago doa, gaurko belaunaldiok jarraitu beharreko bidea urratu baitzuen. Euskararik gabe ez dago Euskal Herririk. Ondo ulertu zuen hori Yrizarrek. Hori ahaztea derrigorrean gazteleraz aritzera kondenatuta egotea zer den ezagutu zutenei errespetua galtzea litzateke. Eta guk Yrizar bezalakoei normalizazio bidean aurrera egitea zor diegu. Gure hizkuntza delako euskal identitatearen gotorleku, gure herriaren aldarri, eta gure izaeraren bizkarrezur. Eta Yrizarrek erraza zeukan guzti horren aurrean begiak ixtea. Alabaina, euskara izan zuen Azkoitiarekin eta Euskal Herriarekin lotzen zuen zilbor-hestea, jatorrira itzularazten zuen hizkuntza. Maitasun osoz. Hor ikusten da bere giza-balioa, bere humanismoa. Bere semeek esan bezala, dagoen tokian pozik egongo da Euskaltzaindiak eta EAEak egindako omenaldiarekin, harreman oso estua baitzuen bi erakundeekin. Azkoitiko Udalak ere, esker ona agertu nahian, Iñigo Yrizarrek Azkoitiko genealogiez egindako ikerketa lana harrotasunez argitaratuko du. Urriaren 20an izango da aurkezpena eta udalaren webgunean ere zintzilikatuko da lana, herritarren jakin-mina asetzeko. Yrizarren bidetik joan nahi dugulako.
viernes, 1 de octubre de 2010
Pedro Yrizar: euskara eta jaioterria maitatzen maisu
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)

0 comentarios:
Publicar un comentario