viernes, 8 de octubre de 2010

Luis Iriondo


Ez gara konturatzen nori zer zor diogun. Azkoitian, Antonio Oteiza Fundazioak Luis Iriondo omendu du II. Ekintzailearen Sariarekin. Bazen garaia, bai. Egia. Ekintzaile izaera ez dugu lotu ohi kulturarekin. Enpresarekin, berrikuntzarekin eta ekonomiarekin baizik. Eta ekintzailea behar du gero izan Iriondok egin dituenak egiteko! Aktore lanetan eskarmentu handia izateaz gain, Jose Antonio Ardanza eta Karlos Garaikoetxea lehendakarien aholkulari eta ETBko lehen zuzendaria izan da. Azkoitiarrok, Fundazioa tarteko, Iriondori egindako omenaldiarekin justizia egin dugu. Justizia egin dugu Iriondo humanoa, ilustratua, abentura zalea eta herri maittea delako. Baina baita ETBko txoria hegan jarri zuelako ere, besteak beste, omenaldian elkartu ziren Jose Mari Iriondo eta Ramon Labaien bezalako jendearekin batera. Gogoan dut hasieran zer arraroa egiten zitzaigun sasoi bateko Dallas telesailean J.R. euskaraz entzutea. Ba hori posible egin zutenekin zorretan gaude euskaldunok, eta horregatik diot justiziazkoa dela Iriondori egindako aitortza. Are eta gehiago, euskararen eta euskal kulturaren aldeko militantzia galbidean dagoenean. Horri heldu beharra daukagu, ez delako sekula berandu. Zer gara ba bestela? Zer geratzen zaigu? Beti esan ohi dudan bezala, sustrai sendoak izan behar ditugu eta hori da gure herriak ematen diguna, baina baita hosto irekiak ere, mundura zabalduak. Horrelakoxea izan da Iriondo. Beti han hemenka bueltaka. Baina beti azkoitiarra. Eta irekia. 



0 comentarios:

Publicar un comentario